(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Pobrezia larriak 4.700 eta 17.800 pertsona bitartean egin du behera Nafarroan, zenbait metodologia eta iturri ofizialen arabera asteartea, 2018.eko abenduak 18


Foru Komunitateak zuen 2017an Estatuko bizi-kalitateari buruzko indizerik onena, urte horretakoak baitira Espainiako batezbestekoarekiko alderik handienak


Ezkerretik eskuinera, Patxi Tuñón, Laparra lehendakariordea eta Antidio Martínez de Lizarrondo, Nafarroako pobrezia eta desberdintasun sozialari buruzko II. Txostenaren aurkezpenean. ( irudia handitu )

Nafarroako Foru Komunitateko 2016ko pobrezia larriaren tasak, Bizi-Baldintzei buruzko Inkesta (BBI) erreferentziatzat harturik, 6.400 pertsona ingurutan egin zuen behera 2015eko datuen aldean, % 8,4tik % 7,4ra igaro zelarik. Kontuan izan behar da portzentaje hori Espainiako pobrezia larriaren tasa (%10,2) baino 3 puntu txikiagoa dela.

Ildo berean, atalase ainguratuaren arabera kalkulaturiko pobrezia larriaren tasari so eginik, Nafarroa da autonomia-erkidego guztietako portzentajerik baxunea duena, Estatu osokoa baino 10 puntu txikiagoa. 2015etik 2016ra, joera positiboa izan zen, tasan izandako jaitsiera 2 puntutik gorakoa izan baitzen, % 7,8tik % 5,5era, hots, 17.800 pertsona ingurukoa. Nafarroako Biztanleen Errentari buruzko Estatistika iturritzat hartuz, jaitsiera 4.700 pertsona ingurukoa izan da, % 16,4tik % 15,7ra igaro delarik.

Puntu honetan, argi utzi behar da horiek direla ezagutzera eman diren azken datu ofizialak, izan ere, Espainiako pobreziari buruzko datuak bi urteko atzerapenarekin argitaratu ohi dira.

Hauexek dira Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak, Errealitate Sozialaren Behatokiko eta Gizarte Politiken Plangintza eta Ebaluazioko zuzendari nagusi Patxi Tuñónek eta Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuko zuzendari Antidio Martínez de Lizarrondok gaur goizean prentsaurrean aurkeztu duten azterlanaren ondorio nagusietako batzuk. Errealitate Sozialaren Behatokiak bi urtez behin landu ohi duen Nafarroako pobrezia eta desberdintasun sozialari buruzko II. Txostena da.

Pobrezia arriskuaren tasari dagokionez, Nastat Nafarroako Estatistika Institutuaren Nafarroako Biztanleen Errentari buruzko Estatistikaren arabera, honek ere jaitsiera arina izan du, 2015. eta 2016. urteen artean % 23,2tik % 22,6ra murriztu delarik.

Kolektiboaren erradiografia

Adinari eta sexuari erreparatuta, adinean gora egin ahala, pobrezia erlatiboak behera egiten du (% 29,3 16 urtetik beherakoen artean eta % 18 65 urtetik gorakoen artean), eta emakumeen kasuan gehitzen da; % 23,8, gizonen % 21,4aren aldean. Halaber, pobrezia larriaren arriskua handiagoa da Nafarroan bizi diren atzerritarren artean (% 64,1) biztanle espainiarren artean (%18,4) baino, eta dexente txikiagoa da atzerriko jatorria eta nazionalitate espainiarra dituztenen kasuan (% 48).

Gizarte-zerbitzuen eremuen arabera, desberdintasun nabarmenak daude Nafarroako iparraldearen eta hegoaldearen artean, ipar-ekialdean dagoen pobrezia larriaren % 8,7ko tasatik Tutera aldean dagoen % 16,9ko tasaraino, batez besteko balioa % 12,1ekoa izanik, Nafarroako Biztanleen Errentari buruzko Estatistikaren arabera.

Txostenean, berritasun gisa, Iruñeko auzoetako pobreziaren azterketa landu da. Buztintxuri, Alde Zaharra, Txantrea, Etxabakoitz, Milagrosa, Arrotxapea eta San Jorge dira Iruñeko batezbestekoaren gaineko pobrezia-tasak dituzten auzoak. Hartara, Etxabakoitzen daude 2016ko pobrezia erlatiboari nahiz larriari buruzko tasarik altuenak: % 34,5 eta % 20,4, hurrenez hurren. Aitzitik, Iturrama da tasarik txikienak dituen auzoa: 2016an, bertako pobrezia erlatiboaren tasa Iruñekoa baino 8 puntu txikiagoa izan zen, eta pobrezia larriarena 4,6 puntu txikiagoa.

Horrekin batera, interesgarria da zenbait etxe motatan ematen diren pobreziaren portzentajeak azaltzea. Pobrezia larriari erreparatuz gero, pertsona bakarreko etxeetan Nafarroako batezbestekoaren azpiko tasak daude 2014az geroztik. Aldiz, 16 urtetik beherakoak dituzten etxeetan pobrezia larria izateko arrisku handiagoa dago, Nafarroako batezbestekoa baino % 50 handiagoa den portzentajea biltzne baitute (% 17,8 eta % 12,1, hurrenez hurren). Hain zuzen ere, bi tipologia hauek guztizko tasaren beheranzko joera bera izan dute 2015etik 2016ra bitartean; arras bestelakoa izan da 16 urtetik beherakoak ez dituzten pertsona bi baino gehiagoko etxeen kasua, horien tasa hamar puntu txikiagoa baita aurrekoa kasuena baino (% 7,5).

Bizi-Baldintzei buruzko Inkestan bildutako beste datu eguneratuago bat, etxeek hilabetea bukatzeko dituzten zailtasunei buruzkoa da. Nafarroan egoera hobeagoa da, izan ere, 2017an, etxeen % 5,3k baizik ez zuten azaltzen hilabetea bukatzeko zailtasunak edo zailtasun handiak zituztenik, eta horrek jaitsiera ekarri du, 2008ko % 19,7tik 2016ko % 18ra. Etxeen % 34,1ek hilabetea aisa edo aisa asko bukatzen zuela adierazi zuen, hots, 2008an baino 10,8 puntu eta 2016an baino 12,9 puntu gehiagok.

Hainbat adierazle

AROPE tasa da azken urteotan sarri erabili den adierazle bat, batez ere Europar Batasuneko lurralde desberdinen arteko konparazioa egitea ahalbidetzen duen neurrian. Adierazle horren arabera, 2017an, Nafarroa izan zen (datu ekonomikoak 2016koak izan arren) pobreziaren eta bazterketa sozialaren arriskurik txikiena izan zuen komunitatea, % 13,5ekoa, Europan pobreziaren eta bazterketa sozialaren arriskurik txikiena zuen hamaikagarren eskualdea izanik, Espainiako batezbestekoaren ia erdia zuelarik, % 26,6%.

Adierazle honek hiru parametro neurtzen ditu: Errenta, Gabezia Material Larria (GML) eta Lanaren Intentsitatea, hau da, Etxebizitzako Lan-Intentsitate Txikia duen Biztanleria (ELIT). Datu orokorra 2016koa baino 0,5 puntu handiagoa den arren, 2017ko emaitzak hobeak dira adierazlearen hiru osagaietan. Pobreziaren arriskua % 9tik % 8,3ra murriztu da, GMLa % 3,4tik % 0,3ra eta ELITa % 8,4tik % 8,2ra.

Pobreziaren 2018rainoko bilakaerara hurbiltzeko modu bat da BAIren giltzarrizko hiru adierazleren bilakaera aztertzea: kide aktibo guztiak langabezian dituzten etxeen portzentajea, erreferentziazko kidea langabezian duten etxeen portzentajea eta diru-sarrerarik ez duten etxeen portzentajea. Hiru parametroetan, urteko lehen hiru hiruhilekoen emaitzak positiboak dira 2017ko nahiz 2014ko datuen aldean. Lehen kasuan, Nafarroa % 9tik % 5era igaro da, bigarren kasuan % 8,5etik % 5,3ra, eta diru-sarrerarik gabeko etxeen kasuan (pobrezia larriari buruzko adierazlerik fidagarriena), portzentajea % 3,1etik % 2,3ra murriztu da, 2018an portzentajerik txikiena duen bigarren komunitatea bihurtu delarik.

Azken hamarkadetako hedapen eta hobekuntza ekonomikoarekin batera, desberdintasunak murriztu dira errentaren banaketari dagokionez. Nafarroan murrizketa handiak gertatu ziren desberdintasunetan 80ko hamarkadan, izan ere, 1980an zuen Gini indizea 35,7koa zen, eta 26,9koa 1990ean. Adierazle honen balioa Nafarroan Estatuan baino txikiagoa izan zen, eta geroztik, errentaren banaketa Nafarroan Estatuan baino orekatuagoa da. Egun, indize horren baliorik txikiena duen autonomia-erkidegoa da, 26,5ekoa 2016an, Estatuko 34,1eko balioaren aldean, eta egoerak hoberantz egin du datu ezagunak dituen azken urtean, 27,7tik 26,5era igaroz 2015etik 2016ra bitartean. Emaitza hauek 27ko Europar Batasunarekin konparatuz gero, Nafarroak EBaren azken zazpi urteotako portzentajeak baino txikiagoak ditu.

Desberdintasuna aztertzeko erabiltzen den beste adierazle bat da S80/S20 deritzona, desberdintasuna pertzentilen arteko ratioen arabera neurtzen duena. Biztanleen % 20ren batez besteko errentaren eta errenta altuena duten biztanleen (kintilik altuena) arteko erlazioa da, herritarren % 20aren batez besteko errentaren eta errentarik baxuenaren (kintilik baxuena) arteko erlazioarekin alderatuta. Adierazle honetan ere, Nafarroak du Estatuko desberdintasunik txiena, 4,4koa 2016an, 2015ean izandako 4,6koa hobetuz eta Europako batezbestekoaren azpitik kokatuz. Nafarroa Alemania (% 4,6) gisako herrialdeen parean dago, Frantziatik (% 4,3) edo Suediatik (% 4,3) hurbil.

Gizarteen aurrerakuntzaren nahiz gizabanakoen ongizatearen neurketak hazkunde edo ongizatearen neurritzat erabili izan den garapen ekonomikoari buruzko adierazle sorta handitzea dakar. Bizi-Baldintzei buruzko Indizea Estatistika Institutu Nazionalak Eurostatek definituriko metodologiaren bitartez garatu duen adierazle berria da, hainbat dimentsio barne hartzen dituena. Txosten honetarako, zehaztasun handiagoarekin aztertu dira lehenengo bi dimentsioei buruzko datuak: bizi-baldintza materialak eta lana. Bizi-baldintza materialen kasuan, hiru azpi-dimentsio bereizi dira: baldintza ekonomikoak, baldintza materialak eta segurtasun ekonomikoa.

Horrela, Estatuko 2008ko balioa erreferentziatzat harturik, 2008-2017 epealdian Nafarroa autonomia-erkidegoen lehen postuan dago bizi-baldintza materialei dagokienez.

Bigarrenik, bizi-baldintzek 2017an izandako gorakada nabarmena azpimarratu behar da. Estatu osoarekiko nahiz egoera hobean dauden inguruneko autonomia-erkidegoekiko aldeak Foru Komunitatearen mesedetan gehitu dira. Horrela, lehen dimentsio horretan, Estatuarekiko aldea 8,86 puntukoa da, serieko handiena. Inguruko autonomia-erkidegoei dagokienez, aldea 2,75 puntukoa da Euskadirekin, 3,21koa Aragoirekin eta 3,65ekoa Errioxarekin.

Azkenik, enplegu kopurua eta horren kalitatea aztertzeko osagai integral gisa, INEk landutako bizi-kalitateari buruzko indizea osatzen duen bigarren dimentsioari buruzko datuak bildu dira.

Autonomia-erkidegoen bilakaerari buruzko emaitzek zenbait gai bistaratu dituzte. Alde batetik, dimentsioaren etengabeko hobekuntza Nafarroan 2014az geroztik, Estatuarekiko aldea handituz eta egoerarik onena duen autonomia-erkidegoa bihurtuz. 2017an, enpleguaren arloko indize horren arabera, aldea 5,49 puntukoa da, serieko bigarren handiena. Bestetik, nabarmentzeko modukoa da komunitate mugakideekiko (Euskadi, Aragoi eta Errioxa) aldeak handitu izana, horiexek baitira, Nafarroarekin batera, egoerarik onenean dauden lurraldeak.

Lehendakariordearen balorazioa

Laparra lehendakariordeak ondorengoa azpimarratu du: “iturri ezberdinek emandako datuen eta txosten honetan erabilitako adierazleen arabera, desberdintasunari eta pobreziari dagokienean, Foru Komunitatearen egoera beste autonomia erkidegoetakoa eta oro har Espainiakoa baino askoz hobea da. Gainera, EBeko beste eskualde eta herrialde batzuek baino aurreratuago dago, haiek gai horretan erreferenteak izanik.

Eskualde arteko konparaketa, autonomikoa edo Europako eskualdeekikoa izanda ere, ezbairik gabe positiboa da. Nafarroa Espainiako zenbait sailkapenaren buruan aurkitzen da, EBen AROPE tasa txikiena duen 11. eskualdea da, eta bizi-kalitatearen indizean eta pobreziaren eta desberdintasunaren beste adierazle batzuetan ere kokapen onena du. Barrura begiratuta, desberdintasuna  eta bereziki pobrezia gogorra jaisten ari dira etengabe. ERPN eta ECVren datuen arabera, 2016an pobrezia gogorra etengabe jaitsi zen 2015ekoarekin alderatuta”.


Beraz, Laparrak honela nabarmendu du: “2016an, Nafarroaren egoera nabarmentzeko modukoa zen, pobrezia eta desberdintasun gutxiago izateagatik eskualde artean eta Europako beste herrialde batzuekin alderatuta. Hala ere, eskualde barruan aldeak garrantzitsuak dira, biztanle-talde batzuetan nahiz lurraldean bertan, iparraldetik hegoaldera alde nabarmenak egoteagatik. Biztanle-talde horien eta Nafarroako hegoaldearen egoera okerragoa ez da une honetako zerbait, krisi aurretik ere horrela baitzegoen, eta efektuek berdin jarraitzen dute”.
Laparrak nabarmendu duenez, gutxieneko errenten sistema eta, zehazki, Nafarroan Bermatutako Errenta "funtsezko baliabideak" dira pobreziaren aurka borrokatzeko, herritarrentzat segurtasun ekonomikoaren azken sarea izatean. Txosten honetan, oraindik ere ezin da aztertu pobreziaren  tasen gainean egindako azken erreformaren zuzeneko inpaktua, datu ekonomikoak erabat 2016koak dira-eta. “Baiezta dezakegu erreforma, haurren pobrezia murriztean eta lan eta gizarteratzearen hobekuntzan batez ere oinarritua, norabide egokia izan zela, ikusita haurren pobreziaren arazoa eta lan-ezegonkortasuna arazo nagusiak zirela eta izaten jarraitzen dutela pobreziaren eta desberdintasunaren alorrean”, adierazi du lehendakariordeak. “Hala eta guztiz ere, Bermatutako Errentaren erreforma ondorengo datuen adierazleei dagokienez, hots, “hilabetearen amaierara iristeko zailtasunak”, “gabetze material gogorra”, “etxeko lanaren intentsitate baxua” edo “diru-sarrerarik gabeko etxeak”, bilakaerak oso positiboak izan dira zenbait kasutan, enpleguaren hobekuntzaren eta bermatutako errentaren beraren ondorioz”.

Ildo horretan, txostenean esaten da haurren pobreziaren aurkako borrokak lehen mailako elementua izan behar duela etorkizuneko gizartea hobetzeko. “Egoera horrek haurtzaroan uzten dituen aztarnak bizitza osoan zehar jasaten direla egiaztatuta dago enpirikoki. Era berean, Pobrezia Belaunaldi barruan transmititzeak egoera hori baldintzatzen du, goranzko mugikortasun sozial eskasa gertatzen baita gizarteko estratu ahulenetan edo ezegonkorrenetan”, gehitu du.

Bestalde, agirian esaten da pobreziaren eta bazterketaren aurkako borrokan etengabeko ahalegina egin arren, 2015az geroztik areagotua, “oraindik ere ez dela nahikoa Nafarroan langabeziaren gaineko prestazioak murriztea eta, bestalde, pertsona asko sartzen diren lan-merkatu ezegonkorra konpentsatzeko”.

Enpleguaren kopuruari eta kalitateari dagokienean, bi gauza aipatu behar dira. Lehena Nafarroako adierazleak Estatukoak baino askoz hobeak direla; izan ere, bizi-kalitatearen indizean lanari loturiko dimentsioaren indize gehitu onena duen komunitate autonomoa da, 102,68, Espainia osoko 97,18ren parean. Gainera, egoeraren hobekuntza, joera positiboa, langabeziaren murrizketa eta enpleguaren kopuru eta kalitate handiagoa nabarmentzen dira.

Baina, bigarren gauza da Nafarroa ez dagoela urrun lan-ereduaren aldaketatik, egoerak krisi aurreko etapan baino okerragoa izaten jarraitzen baitu. 2015etik aurrera aipatu hobekuntza gertatu arren, azken hamarkadan argi eta garbi okertu dira lan-baldintzak, eta enpleguan bi alderdi nagusitu dira; hots, enpleguan hobekuntza argiak ikusten dituzten sektoreak eta ezegonkortasuna nabarmen jasaten dutenak.

“Nafarroa bizi-kalitatearen indize handiena, pobreziaren arrisku txikiena, desberdintasun txikiena eta lanaren agregazio-indize onena duen komunitate autonomoa da. Baina, lan-merkatuaren dualizazioa, estatutik langabeziaren bidezko babes eskasa jasotzea eta pertsona-taldeen nahiz lurralde-mailako desberdintasunak zuzendu beharreko arazo gogorrak dira, Nafarroako gizartea zuzenagoa eta sozialki kohesionatua izatea nahi badugu. Egoera hobetu bada ere, krisiaren ondorio larriak eta lan-ereduaren aldaketa oso indarrean daude Nafarroako familia askorentzat. Kalitatezko enplegua sortzea, baita talde ezegonkorrenentzat ere, langabezia bidezko babesa hobetzea eta seme-alabak dituzten familiei laguntza handiagoa ematea erronka nagusietariko batzuk dira, eta, ezbairik gabe, horiek eragin oso positiboa izango lukete pobreziaren eta desberdintasunaren adierazleen hobekuntzan”, amaitu du Laparrak.
 



 


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa