(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Zerbitzuen kalitatearen hobekuntzan aurrera egitea, ekonomia eta enplegua bultzatzea eta eskubide sozialak indartzea, 2019ko Aurrekontuen aurreproiektuaren ardatzak asteazkena, 2018.eko urriak 17


4.010 milioiko gastu ez-finantzarioaren sabaia tarteko, aurrekontua % 3,11 hazi da aurreko urtearen aldean eta % 16 Legealdiaren hasieraz geroztik


Transcripción textual del video

Nafarroako Gobernuak Nafarroako 2019rako Aurrekontu Orokorren aurreproiektua onartu du gaurko bileran, eta bertan, 4.010 milioi euroko gastu ez-finantzarioaren sabaia aurreikusi du, aurreko urtean baino % 3,11 handiagoa, edo kopuru absolutuetan adierazita, 121 milioi euro gehiagokoa. Gainera, datorren urteko gastu finantzarioa 295,5 milioi eurokoa izango da. Arlo sozialak dira aurrekontuan pisurik handiena dutenak, guztizko gastu ez-finantzarioaren % 55,6koa.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako 2019rako Aurrekontu Orokorren aurreproiektua onartu du gaurko bileran, eta bertan, 4.010 milioi euroko gastu ez-finantzarioaren sabaia aurreikusi du, aurreko urtean baino % 3,11 handiagoa, edo kopuru absolutuetan adierazita, 121 milioi euro gehiagokoa. Gainera, datorren urteko gastu finantzarioa 295,5 milioi eurokoa izango da. Arlo sozialak dira aurrekontuan pisurik handiena dutenak, guztizko gastu ez-finantzarioaren % 55,6koa.
 
Ogasun eta Finantza Politikako kontseilari Mikel Aranbururen esanetan, “aurrekontu onak dira, ez bakarrik gastu-sabaia % 3,11 igotzeagatik aurreko urteko gastu-sabaiaren aldean (igoera % 16koa da 2015eko aurrekontuekin alderatuz gero), baita defizitari eragindako 61 milioiko murrizketagatik, gastu soziala areagotzeagatik eta Estatuarentzako Ekarpena nahiz zorraren interesak ordaintzeko erabiltzen ziren baliabideak inbertsioetara bideratzeagatik ere”. Horren harira, aurrekontu hauetan, aurreko urtean baino 16 milioi gutxiago eta Legealdiaren hasieran baino 47 milioi gutxiago aurreikusi dira zorraren interesak ordaintzeko. Legealdiaren hasieraz geroztik, interesen ordainketan lortutako aurrezkia 117,6 milioi eurokoa izan da.
 
Aranburu kontseilariaren hitzetan, “zintzotasunez, erantzukizunez eta etorkizuneko ikuspegiaz kudeatutako aurrekontua da, zorrik gabeko kontu egonkorretan oinarritutakoa”.
 
Agiria Kontseilu Ekonomiko eta Sozialera, Toki Araubideko Foru Batzordera eta Ingurumen Kontseilura igorriko da orain, aztertu eta horren inguruko irizpena egin dezaten, foru lege proiektutzat behin-betiko onartu baino lehen. Ondoren, Nafarroako Parlamentura bidaliko da, eztabaidatu eta onar dezan.
 
Ekonomia, enplegua eta eskubide sozialak bultzatzea
 
Garapen Ekonomikoko aurrekontua 241,5 milioikoa da. Aurreko urtean izan zuen aurrekontu-igoera garrantzitsuaren ondoren, 2019rako helburu nagusia kalitateko enplegua sortzea da, lurraldearen garapen orekatuaren bitartez, jarduera ekonomikoa sostengatuz eta berrikuntzarako laguntzak ugarituz. Berrikuntza eta energiako aurrekontua 43,8 milioikoa da (aurreko urtekoa baino 5,2 milioi handiagoa). Horrekin batera, Espezializazio Adimenduneko Estrategian (S3) lehiakortasunerako faktore erabakigarritzat jotzen den I+G+b-aren aldeko apustua ere nabarmendu behar da, 38,7 milioiko aurrekontuarekin (2018koa baino % 10,4 handiagoa). Politika ekonomiko eta enpresarialean eta lan-politikan aurrekontua 37,8 milioikoa da, eta honen barnean, inbertsio enpresariala sustatzeko laguntzak nabarmendu behar dira: 20,5 milioi.
 
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoaren arloan, aurrekontua 9,3 milioikoa da (2018koa baino % 4,4 handiagoa). Turismoa eta Merkataritza Antolatzeko Zerbitzuari esleitutako 3,6 milioiko aurrekontuaren barnean, merkaritza nahiz turismo sektoreetako enpresa txiki eta ertainei zuzendutako milioi bat euroko dirulaguntza-ildoa nabarmendu behar da.
 
Obra Publikoetan eta Garraioan, aurrekontua 133,6 milioikoa da (2018koa baino % 15 handiagoa). Berariaz nabarmendu behar dira A-12 Donejakueren Bideko Autobideko ezkutuko bidesariak, 49,4 milioikoak (2018an baino 650.000 euro gehiago), baita A-21 Pirinioetako Autobidekoak ere, 18 milioikoak (2018an baino 500.000 euro gutxiago).
 
Iruñerriko garraio publikoari egindako ekarpenean, 1,068 milioi euroko igoera egin da, 11,443 milioi eurora iritsiz, eta horrekin batera, errepide-sarearen kontserbazio integralari zuzendutako 28,5 milioiko aurrekontu-saila nabarmen daiteke.
 
Gainera, Nafarroako Gobernuak foru komunitateko eragile sozial eta enpresarial nagusiekin lortutako akordioa gauzatzen jarraituko du enplegu politika aktiboen arloan. Akordio horretan aurreikusitako inbertsioaren errefortzuaren ondorioz, 2020an 1.670€ bideratuko dira langabe bakoitzeko, 2015eko 887€ko inbertsioaren aldean. Halaber, Eskubide Sozialetako Departamentuaren aurrekontuan, dexente areagotu da mendekotasunaren arretarako eta adinekoen egoitzetarako kontu-saila. Adinekoen autonomiarako agentziak, mendekotasuna, desgaitasuna, adinekoak, osasun mentala, familia eta haurrak gisako esparruak barne harturik, % 8,5eko hazkundea du 2019rako, Legealdiaren hasieraz geroztik % 27,2ko hazkunde metatua lortu duelarik. 2019rako berritasun nagusien artean, adinekoen egoitza guztietako hitzarmenak hobetzeko, kalitatea areagotzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako plaza erabilgarrien kopurua gehitzeko Esparru Akordio berri baten bultzada nabarmendu behar da.

Osasuna, Hezkuntza eta Kultura
 
Osasunak erabateko lehentasuna izaten jarraitzen du aurreproiektu honetan, eta horren kariaz, 1.087 milioi euroko guztizko aurrekontua du, 2018koa baino % 2,5 handiagoa. Kontu hauei esker, azken hiru urteotan bideraturiko azpiegitura eta proiektu berriak finkatu eta Lehen Mailako Arreta garatzen eta hobetzen jarraitu ahalko da, Gobernuak Legealdi honetarako hartuak dituen lehentasunezko konpromisoetako bat betez.
 
Zehazkiago esanda, inbertsio propioak egiteko eta udal jabetzako kontsultategiak zaharberritu edo handitzeko aurrekontua 4,2 milioi eurokoa. Hauexek dira atal honetan diruz lagunduko diren ekintzetako batzuk: Doneztebeko eta San Adrianeko osasun zentroetako lanak bukatzea, erradiologiako zerbitzu berriak abiarazteko; Tafallako osasun zentroaren erreforma, eskualdeko larrialdi zerbitzua kokatzeko; eta Lezkairuko osasun zentroa eraikitzeko lanei hasiera ematea.
 
Gainerako zentro eta eremuetan, inbertsioa honela banatuko da: 9,8 milioi Zerbitzu Nagusietarako, bereziki Osasunbideko zentro guztiei zuzendutako IKTen arloko inbertsioetarako; 6,8 milioi Nafarroako Ospitalegunerako, batez ere erresonantzia magnetikoko ekipo bat eguneratzeko, alergologiako lana bideratzeko, Larrialdi Zerbitzuaren birmoldaketa abiatzeko, laborategi berrietako lanei ekiteko eta ekipoak berritzen jarraitzeko; 2,7 milioi Tuterako osasun eremurako, bereziki hemodialisiko esparru berriko lanak hasteko, erresonantzia magnetikoko ekipoa finkatuko den eraikina bukatu eta 2019an abian jartzeko, biltegi nagusiko lanak bukatzeko eta, 1.000.000 euroko inbertsioaren bitartez, Santa Anako osasun zentroaren erreformaren lehen faseari ekin eta Gaiarreko osasun zentroaren proiektua idazteko; eta 2,6 milioi Lizarrako osasun eremurako. Kopuru horretatik, 1,2 milioi García Orcoyen Ospitaleko zaharberritze lanak bukatu eta, besteak beste, Osasun Mentaleko Zerbitzua finkatzeko erabiliko dira, eta 1,4 milioi Lodosako osasun zentroko lanak bukatu eta gainerako osasun zentroen hobekuntza lanekin jarraitzeko.
 
Bestalde, osasun-kontsumoetan izandako % 5,87ko edo 205 milioi euroko aurrekontu-hazkundea ere nabarmendu behar da. Kopuru horretatik, 107,5 milioi farmakoak erosteko erabiliko dira, eta 88,7 milioi gainerako kontsumoetarako, protesiak eta bestelako material eta produktuak barne hartuta.
 
Osasun Publikoari dagokionez, aurrekontuak bere horrexetan berretsi du osasunaren sustapenaren eta prebentzioaren aldeko apustua. Berariaz nabarmen daitezke Zahartze Aktiboeta Osasungarriaren aldeko Estrategia, ariketa fisikoa bezalako bizi-ohitura osasungarrien errefortzua, Droga eta Adikzioen III. Foru Plana, lan-istripugarritasunaren prebentzioa eta Nafarroako zein Iruñeko Udaleko Osasun Publikoko Laborategien bat-egitea.
 
Hezkuntzako aurrekontua 686 milioi eurokoa da, 2018koa baino % 5 handiagoa. Igoera are adierazkorragoa da, % 7,92koa, irakasleei zuzendutako gastuan. Hazkunde hau estu-estu lotuta dago, alde batetik, Gobernuak aurreko legealdietako murrizketei buelta emateko hartu duen konpromisoarekin, eta bestetik, Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Itunean lortutako akordioak nahiz Osotik edo Zatika Funts Publikoekin Sostengatutako Irakaskuntza Pribatuko Enpresen VI. Hitzarmen Kolektiboari eta Nafarroako Ikastolen Hitzarmen Kolektiboari atxikitako irakaskuntza-sektorearekin lortutako akordioa betetzeko erabakiarekin. Horren harira, iaksturte honetan, sare publikoko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakasleei bi orduko murrizketa egin zaie zuzeneko irakaskuntza-lanetan (honi esker, beste 136 irakasle kontratatu ahal izan dira) eta gauza bera egingo da hurrengo ikasturtean Bigarren Hezkuntzako irakasleekin, izan ere, oraingo aurrekontuak lehen hiruhilekoari dagokion igoera bildu du datorren ikasturtean beste 351 irakasle kontratatu ahal izateko. Bestetik, sare hitzartuko irakasleak adostutako soldata-igoeraz profitatuko dira, sare publikoan aplikatu ondoren.

Sare publikoan hezkuntza-sistema eta, aldi berean, tokiko eskola publikoa, bultzatzeko helburu irmoarekin, 0 eta 3 urte arteko haurrak eskolatzeko Udalekin egindako Hitzarmenen partidak igoera izan du, eta guztira, 9,6 milioi eurokoa izango da, %2,7ko igoerarekin, ziklo hori funtsezko baita hezkuntza-sistemarentzat.

Halaber, nabarmentzekoa da hezkuntza publikoaren estrategia digitala. Horren esparruan, 2019. urtean zehar, DBHko 1. mailako ikasleekin programa pilotua jarriko da abian, eta ordenagailu pertsonalak banatuko zaizkie, 'banaka' eredua aplikatuaz; programa jada abian da irakasleen prestakuntzarekin. Horrez gain, sarera sartzeko beharrezko azpiegituraren hobekuntza ere aipatu behar da.

Bestalde, Kultura, Kirola eta Gazteria Departamentuak %4 gehitu du aurrekontua, nahiz eta 2018koarekin alderatuta %9ko jaitsiera erakutsi kopuru osoak, aurten Nafarroa Arena irekitzeko jarritako 6,6 milioi euroko zuzkidura medio.

Departamentu honek 2019rako duen aurrekontuarekin, aurreko ekitaldian ezarritako helburuak ere finkatu egiten dira. Ildo horretan, kultura eta sormen industriak oro har bultzatzearen aldeko apustua egiten jarraitzen du, profesionalentzako laguntzak hobetuta eta mintegi sortzaileen sare-proiektuarekin. Aipatzekoa da sormen-lantegietarako 80.000 euroko laguntzen deialdia. Artxibo elektronikoa eta dokumentuen digitalizazioa indartzeko, 250.000 euro inguruko zuzkidura aurreikusi da. Era berean, Nafarroako Museoaren berrikuntzak aurrera jarraitzen du, hango eraginkortasun energetikoa hobetu eta bildumak derrigorrez zaintzearren. Modu horretan, 370.000 eurotik gorako zuzkidura izango du. Horrez gain, liburutegiko baliabideak gehitzen joan nahi da, eta funtsetarako 475.000 euro jarriko dira. Orobat, irakurketa bultzatzeko programetarako ere laguntza handiagoa jarriko da, 100.000 eurora bitartekoa.

Kirolaren arloan, funtsezkoa izango da biztanleriaren artean kirola praktikatzea sustatzea, eta, ildo horretan, eskola-adineko programen aldeko apustua egingo da, oinarrizko zutabe izanik, 9 programatan milioi eta erditik gorako zuzkidurarekin. Kiroleko Balioen Plana eta Kirola eta Emakumea Plana ezartzen ere jarraituko da.

Gazteriari dagokionean, gazteen mugikortasuneko programak bultzatuko dira, 120.000 eurora igotako zuzkidurarekin.

Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioa

Departamentu honen aurrekontua 408 milioi eurokoa izango da, iaz baino %4,79 gehiago. 2019. urtean, bereziki indartuko da Landa Garapen, Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiaren aurrekontua, %11,38ko igoerarekin; era horretan, 86,8 milioi izango ditu gure komunitatean nekazaritza-sektorea finkatzeko eta horren lehiakortasuna hobetzeko, Nafarroako egitura ekonomikoaren barruan duen pisuari eutsiaz. Modu horretan, bere horretan mantenduko da nekazaritza-ustiategietako inbertsioak babesteko maila, 9,5 milioirekin, eta sektorean gazteak ezartzekoa, 3,5 milioirekin; bi neurri horiek Nafarroako Landa Garapeneko Programan sartzen dira, eta FEADERek batera finantzatzen ditu. Berrikuntza gisa, makineria kooperatiben artean erabiltzeko inbertsioetarako partida sortu da, 750.000 eurorekin, eta 150.000 euroko partida abeltzaintza-ustiategietan biosegurtasuna hobetzeko inbertsioetarako.

Aipatzekoa da baita ere 2019an aurrekontuan sartuko direla 2018ko ezohiko uholdeek eta eurite torrentzialek sortutako kalteak ordaintzeko partidak. Guztira, jarritako lau laguntza-lerroak 2,85 milioi eurokoak izango dira.

Ingurumenari eta Lurraldearen Antolamenduari dagokienean, aurrekontua 21.600.234 eurokoa izango da; hots, %12,11 gehiago. 2019an, berrikuntza nagusia izango da hainbat partida jarri izana hondakinen funtsen kontura, 637.888 eurokoak, toki-erakundeei eta enpresei zuzendutako diru-laguntzetarako, eta zona degradatuak berreskuratzeko ere bai.

Toki Administrazioari dagokionez, %2,68ko igoera egin da; hots, guztira 270.139.444 € izango dira. 2019ko aurrekontuan, legegintzaldi honetarako akordio programatikoan jasotako konpromisoa berriro aplikatuko da; alegia, Transferentzia Arrunten Funtsaren urteko igoera egitea KPI+2 punturen arabera, 229.292.787,00 € (2018an baino 10 milioi gehiago; %4,5eko igoera).

Nafarroako Tokiko Inbertsioen Plana kontuan hartuta, 2017-2019 Legean ezarritako 40 milioi euro jartzea aurreikusi da helburu horretarako.


Lehendakaritza, Funtzio Publikoa, Barne eta Justizia eta ITBPZN

Departamentuaren aurrekontua %12,17 igo da 2018tik hona, eta 342,6 milioi eurokoa izango da. Hori gertatu da batik bat langileen soldatak izandako igoera garrantzitsuarengatik; hots, 32,7 milioi. Zehazki, Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako Administrazioaren zerbitzura lan egiten duten langileen soldata gehienez %2,25 igoko da (eta %2,50 igo daiteke). Halaber, urriaren 4an Departamentuak eta sindikatuek sinatutako Akordioa gauzatzeko %0,25eko igoera ere gertatuko da (eta %0,30ekoa izan daiteke).

Lehendakaritzaren eta Gobernu Irekiaren Zuzendaritza Nagusiaren partidarik handiena Artxibo zaharra eta sarrerako lorategiak erabat berritzeko obrei dagokie (1,7 milioi); Barneko Zuzendaritza Nagusiaren kasuan, berriz, nabarmentzekoa da Alert eta HeliNet proiektuen finantzaketaren aurreikuspena, "POCTEFA 2014-2020" Interreg Lurralde Lankidetzako Programaren barnean, edota 1,2 milioi euroko inbertsioa larrialdietako ibilgailuak berritzen jarraitzeko. Halaber, larrialdietako langileen formaziorako partida ere gehitu da (505.000 euro) eta helikoptero zerbitzuak kontratatzeko aurreikuspena (2,4 milioi).

Justiziako Zuzendaritza Nagusiak Elkargo Profesionalei doako justiziarako transferentzia egitearen alde apustu egiten jarraitzen du (3,6 milioi €), eta adituen iritzi psikologikoak artatzeko aurrekontua ere gehitu da, %16,2.

Bestalde, Informatika, Telekomunikazio eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Gobernuak zaindutako informazioaren segurtasuna bermatzen jarraitzen du, eta 516.000 euro jarri ditu zibersegurtasuneko zerbitzuetarako (2018an baino 86.000 euro gehiago); hots, %78ko igoera izan du 2015eko aurrekontuarekin alderatuta. Gainera, administrazioaren transformazio digitalaren aldeko apustua egiten jarraituko da, eta, banda zabalaren bitartez, Nafarroako Gobernuaren egoitzen, toki-administrazioen eta herritarren arteko konektibitatea hobetzearen aldekoa.

Bakea eta elkarbizitza, euskararekiko konpromisoa eta berdintasunaren sustapena

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren aurrekontua 25 milioi eurokoa izango da; hau da, %10,39ko igoera garrantzitsua egingo da, batez ere 2 milioi euroko inbertsioak bultzatuta, Bake, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren nahiz Nafarroako Memoria Institutuaren egoitza izateko espazio berria egokitzeko. 2019. urterako aurreikusitako jarduera-ildo nagusietariko bat da Memoriaren Nafarroako Institutua garatzea, memoriaren politika publikoen ikusgarritasun eta eraginkortasun handiagoa izateko zerbitzu berria bezala. Zuzendaritza Nagusiaren beste berrikuntza bat izango da Nafarroako Memoria Historikoaren Lekuei buruzko Lege Proiektutik eratorritako premiei erantzuna emateko pentsatutako jarduera-ildo berria, hedatzeko jarduerei (gizartera oro har eta hezkuntzara ere bideratuta) eta seinaleak eta informazio-panelak jartzeko inbertsioei dagokienean. Halaber, biktimen arreta pertsonalizatuko programak indartzeko eta haien elkarteen jarduera sustatzeko jarritako baliabideak gehituko dira.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuari dagokionean, eta, zehazki, emakumeen aurkako indarkeriari dagokionez, 14/2015 Foru Legea garatzeko Jarduera Planeko ekintzak indartuko dira. 2019. urtean, harrera-baliabideen Kudeaketarako partidan 26.000 euro gehituko dira, lan-taldea indartzeko langileak kontratatuta; salerosketa-biktimak hartzeko baliabiderako Hitzarmenerako jarritako partidan 10.000 € gehituko dira (2018an jada sortua); eta 60.000 euroko partida berria sortuko da indarkeria-biktimen kalteak konpontzeko Laguntzetarako. Horrez gain, berrikuntza gisa, partida espezifiko bat sortu da (30.000 €-koa), LGTBI taldea eta dibertsitate sexo-generikoa artatzen jarraitzeko helburuarekin, dibertsitate sexualari eta generoari buruzko proiektuak garatzen dituzten elkarte eta irabazi asmorik gabeko erakundeentzat. Orobat, nabarmentzekoa da NUPekin egindako Hitzarmena Emakumea, Zientzia eta Teknologia Katedrarako (20.000 €).

Euskarari dagokionean, Euskarabidearen aurrekontuan 2016az geroztik Nafarroako Aurrekontu Orokorretan hasitako konpromisoa islatzen da; alegia, hizkuntza-politika berri bat bultzatzea herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzeko Nafarroako bi hizkuntzatan, euskaldunekiko arreta indartuaz  Administrazioan.

Azkenik, Komunikazioko Zuzendaritza Nagusiaren aurrekontuan, Herritarrek Parte Hartzeko etorkizuneko Foru Legea 2019an indarrean sartzea aurreikusten da, eta horren barruan lanik premiazkoenak honako hauek izango dira: Herritarrek Parte Hartzeko web gunea diseinatzea eta ezartzea, online parte hartzeko sistemak hobetzea eta Legea garatzeko erregelamendu espezifikoa egitea. 


 


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Bideoa
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa