Kontsumoko Arbitraje Sistema

Kontsumoko Arbitraje Sistema administrazio publikoek herritarren esku jartzen duten tresna da, kontsumo harremanetan sortzen diren gatazkak eta erreklamazioak eraginkortasunez konpontzeko; izan ere, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko, mekanismo egokiak eskaini behar zaizkie erreklamazioak bidera ditzaten.

Legeak honela definitzen du Kontsumoko Arbitraje Sistema: kontsumitzaile eta erabiltzaileen eta enpresaburu edo profesionalen arteko gatazkak judizioz kanpo konpontzeko sistema, zeinaren bidez, formalitate berezirik gabe eta bi alderdientzat lotesle eta betearazle izanik, kontsumitzaile eta erabiltzaileen erreklamazioak ebazten baitira, betiere gatazkan intoxikazio, lesio edo heriotzarik eta delitu baten arrazoizko zantzurik ez badago.

Kontsumoko Arbitraje Sistemaren bidez, alderdiek beren borondatez arbitraje organo baten esku uzten dute beren artean sortutako eztabaida edo gatazkari buruzko erabakia; organo horrek inpartzialtasunez, independentziaz eta konfidentzialtasunez jardun behar du. Erabakia loteslea da bi alderdientzat, eta epai baten eraginkortasun bera du.

Zer da kontsumoko arbitrajea?

Arbitraje instituzionala da, loteslea eta betearazlea bi alderdientzat, kontsumitzaile edo erabiltzaileen eta enpresa edo profesionalen artean kontsumitzaileari legez edo kontratuz aitortutako eskubideen inguruan sortutako gatazkak judizioz kanpo konpontzeko.

Arbitrajearen ezaugarriak

  • Instituzionala: Administrazioan gauzatzen da.

  • Judizioz kanpokoa: gatazkak konpontzeko bide bat da, auzobidetik kanpokoa, arbitraje erabaki baten bidez (laudoa) ebazten dena.

  • Loteslea eta betearazlea: Alderdiek (kontsumitzaileak eta profesionalak) bete behar dute ematen den laudoa; izan ere, arbitraje erabakiak epai baten efektu berberak (gauza epaituaren ondorioak) sortzen ditu.

  • Borondatezkoa: Kontsumitzailea zein enpresa edo profesionala libre dira onartzeko edo ez onartzeko gatazka arbitrajearen bidez konpontzea; izan ere, bi alderdiak ados daudela adierazten dutenean bakarrik eginen da arbitrajea.

  • Noranzko bakarrekoa: kontsumitzaileak bakarrik eska dezake prozedura abiaraztea.

  • Doakoa: bi aldeentzat.

  • Arina: prozedurak 90 egun dirau, gutxi gorabehera.

Kontsumoko arbitraje motak​​​​​

  • Ekitateko arbitrajea: arbitraje organoak kasu bakoitzean zentzuzkoena iruditzen zaion konponbidea hautatuko du, bere jakintzen eta uste zintzoaren arabera, alderdiek eskatutakoari erantzuteko.
  • Zuzenbideko arbitrajea: alderdiek hala eskatzen dutenean, arbitraje organoak arlo horretan indarrean dagoen araudia soilik baliatuko du auzia ebazteko.

 

Kontsumoko Arbitraje Batzordea: arbitrajea kudeatzen duen organoa

Logo Junta Arbitral


Foru Komunitatean, Nafarroako Kontsumoko Arbitraje Batzordea 1993ko ekainaren 17an eratu zen, eta kontsumoko arbitrajea kudeatzen duen administrazio organoa da, Arbitrajeko Sistema Nazionalaren barruan. Batzordea, beraz, erkidego mailakoa da, eta kontsumoko gatazkak konpontzeko eskumena du.

Nafarroako Kontsumoko Arbitraje Batzordea erakunde akreditatua da kontsumoko gatazkak auzitara jo gabe ebazteko, azaroaren 2ko 7/2017 Legearen babesean (lege horren bidez Espainiako ordenamendu juridikoan sartu zen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko maiatzaren 21eko 2013/11EB Zuzentaraua, kontsumoko gatazkak auzitara jo gabe ebazteari buruzkoa), eta hori Europako Batzordeari jakinarazi zitzaion Kontsumoaren, Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziaren 2018ko irailaren 19ko Ebazpen bidez.

Auzia ebazteko ardura duten pertsonak

Kontsumoko gatazkaz arduratu eta hura konpondu behar duten pertsonek arbitraje organoa osatzen dute, eta independentziaz, inpartzialtasunez eta konfidentzialtasunez jarduten dute beti. Arbitraje Batzordeak kasu zehatz bakoitzerako izendatzen du organo hori, eta erreklamatutako zenbatekoaren edo gaiaren konplexutasunaren arabera, kide bakarrekoa edo kide anitzekoa da.

  • Kide bakarrekoa: administrazio publikoak proposatutako arbitroen artean arbitro bakarra izendatuko da auzia ebazteko; Zuzenbideko lizentziaduna edo graduduna izanen da beti.
  • Kide anitzekoa: 3 kide daude: presidentea, administrazio publikoak proposatutako arbitroen artetik izendatua eta Zuzenbidean lizentziaduna edo graduduna; eta bi batzordekide, bat kontsumitzaileen sektoreak proposatutakoen artetik eta bestea enpresen sektoreak proposatutakoen artetik izendatuak.

Nafarroako Kontsumoko Arbitraje Batzordean akreditatutako arbitroen zerrenda

Hauek dira Nafarroako Kontsumoko Arbitraje Batzordean akreditatutako arbitroak, administrazio publikoak proposatuta Zuzenbidean lizentziadunak eta unibertsitate publikoko kideak direnen artetik, kide anitzeko organo bateko lehendakari izenda daitezkeenak:

Nombre Nombramiento
TERESA HUALDE MANSO  2/2004 Foru Agindua, urtarrilaren 8koa
NATIVIDAD GOÑI URRIZA  169/2008 Foru Agindua, apirilaren 22koa
IÑAKI RIAÑO BRUN 169/2008 Foru Agindua, apirilaren 22koa
RAQUEL LUQUIN BERGARECHE 319/2008 Foru Agindua, abuztuaren 1ekoa
Mª JOSEFA OTAZU SERRANO 319/2008 Foru Agindua, abuztuaren 1ekoa
ARANZAZU PEREZ MORIONES Resolución 3106/2012 de 21 de diciembre
MARIA ANTONIA SESMA VEA

358/2015 Foru Agindua, ekainaren 19koa
549/2109 Ebazpena, abenduaren 12koa

 

Horiez gain, Arbitraje Batzordeak batzordekide arbitro akreditatuak ditu, bai kontsumitzaileen elkarteek proposatuta, bai enpresen sektoreak proposatuta, kide anitzeko organoetan izendatzeko, denak ere agintaldi mugagabez.

 

Arbitraje prozedura

Arbitraje prozedura Kontsumoko Arbitraje Sistema arautzen duen otsailaren 15eko 231/2008 Errege Dekretuan araututa dago. Honako hauek dira fase nagusiak:

Hasiera:

Azken kontsumitzaile batek enpresa batekin arazoren bat duenean, arbitraje prozedura abiarazi dezake. Horretarako, arbitraje demanda aurkeztu behar du Nafarroako Kontsumoko Arbitraje Batzordean.

Onartzea/ez onartzea:

Arbitraje demanda aurkeztuta, aztertuko da legezko betekizunak betetzen dituen, erabakitzeko haren tramitazioa onartzen den edo ez. Onartzeari buruzko erabakia gehienez ere 21 eguneko epean jakinarazi behar da.

Kontuan izan behar da honako hauek ezin direla arbitrajearen xede izan:

  • Zuzenbidearen arabera alderdien xedapen askekoak ez diren gaiak.
  • Gatazka batean intoxikazio, lesio, heriotza edo delitu baten arrazoizko zantzuak daudenean, haietatik zuzenean eratorritako kalte-galeren erantzukizuna barne.
  • Demandatzailea azken kontsumitzailea ez denean, edo demandatua enpresaria edo profesionala ez denean (partikularren arteko edo enpresaburuen edo profesionalen arteko erreklamazioak).

Halaber, ez dira onartuko eskaera funsgabeak, ez eta kontsumitzaileen edo erabiltzaileen eskubideei eta bidezko interes ekonomikoei eragiten ez dietenak ere.

Enpresari jakinaraztea:

Arbitraje prozedura abiarazteko legezko baldintzak betetzeaz gain, baliozko arbitraje hitzarmen bat egon behar da. Arbitraje hitzarmena formalizatzeko, bi alderdiek ados egon behar dute gatazka Kontsumoko Arbitraje Sistemaren bidez konpontzeko.

Arbitraje sistemari atxikita badago enpresa eta erreklamazioa sistema horri atxikitzeko eskaintza publikoan jasotako gai bati buruzkoa bada, hitzarmena automatikoki formalizatuko da eta enpresak egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkezten ahalko ditu.

Arbitraje sistemari atxikita ez badago, arbitraje demanda jakinaraziko zaio, eta 15 eguneko epea emanen zaio kasua ebazteko arbitrajea onar dezan. Onartzen ez badu edo erantzuten ez badu, borondatezko prozedura bat denez, arbitraje hitzarmena ez da formalizatuko eta espedientea artxibatuko da.

Eskaera tramitatzea onartu ondoren, eta alderdiak espresuki aurka agertzen ez badira, Kontsumoko Arbitraje Batzordeak ahaleginak eginen ditu alderdiek akordioa lor dezaten, arbitraje organoek esku hartu beharrik gabe. Kontsumitzaileak une horretan atzera egiteko, beste alderdiak onartu beharko du aldez aurretik.

Arbitraje organoa izendatzea eta ahozko entzunaldirako zitazioa:
Bitartekaritza horrek emaitza positiborik ez badu, gatazka ebatziko duen arbitraje organoa izendatuko da, eta alderdiei entzunaldi batera deituko zaie. Entzunaldira bertaratzea nahitaezkoa ez bada ere, gomendagarria da, alderdiek bertan aukera baitute beren interesak defendatzeko eta azaldutako egitate edo uziei buruz arbitraje organoak eska diezazkiekeen argibideak emateko.

Edozein unetan, entzunaldia amaitu aurretik, alderdiek eskaera eta erantzuna aldatu edo zabaldu ahalko dute. Halaber, enpresak errekonbentzioa aurkeztu ahalko du erreklamatzailearen aurka.

Arbitraje organoak gatazka ebazteko beharrezkotzat jotzen badu, frogaren bat egitea erabaki dezake, eta horrek ez die alderdiei kosturik ekarriko. Alderdiek ere eska diezaiokete arbitraje organoari froga egiteko, baina, kasu horretan, gastua ordaindu beharko du froga eskatu duenak, arbitraje organoak hala irizten badio.

Laudoa ematea:

Entzunaldia egin ondoren, arbitraje organoak laudoa emanen du. Arbitraje laudoa nahitaez bete behar dute bi alderdiek, eta gauza epaituaren ondorioak ditu. Laudoaren aurka deuseztatzeko akzioa baino ezin da egikaritu, eta, hala badagokio, epai irmoetan bezala, berrikuspena eskatu; beraz, ezin da aurkako errekurtsorik aurkeztu, ezta egitate berberengatik demanda judizialik jarri ere. Honako hauek bakarrik formulatu daitezke:

  • Zuzentzeko (akats materialak egoteagatik edo arbitratu beharreko gaiez harago joateagatik), argitzeko edo osatzeko eskaera, arbitraje organoari zuzendua.
  • Deuseztatzeko eskaera, laudoa eman den autonomia erkidegoko Auzitegi Nagusiko Arlo Zibileko eta Zigor arloko Salan.
  • Berrikuspen errekurtsoa, Prozedura Zibilaren Legeak epai irmoetarako ezarritakoari jarraikiz.

Alderdi batek laudoa urratzen badu, beste alderdiak laudoa nahitaez betearazteko eska diezaioke laudoa eman den herriko lehen auzialdiko epaileari.

Enpresak sistemari atxikitzeari buruzko informazioa

Enpresak bi modutan jar daitezke arbitrajearen mende:

  1. Puntualki, kontsumitzaile batek kasu jakin bat ebazteko eskatutako arbitrajea onartuz.
  2. Modu egonkorrean, Kontsumoko Arbitraje Sistemari atxikiz; horrek esan nahi du enpresak aldez aurretik onartu duela sistema horren bidez konpontzea kontsumitzaileekin dituen eztabaida guztiak.

Kontsumoko Arbitraje Sistemari atxikitzeak kalitate plus bat gehitzen dio establezimenduari, bezeroekiko harremanari segurtasuna eta konfiantza ematen dizkio, eta gatazka izanez gero, alderdiei auzi luze eta garestiak saihestea ahalbidetzen die.

Kontsumoko Arbitraje Sistemako atxikipenak enpresak bereizgarri ofiziala erabiltzeko eskubidea ematen du:

 

 

Aurkeztutako auziei buruzko informazioa